Historia
Atarrabiako euskaltegia 1976-1977 ikasturtean sortu zen Arturo Campion euskaltegiaren ekimenez. Euskaltegi biak ala biak Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeko kide ziren eta hala segitu zuten 1989ko ekaina arte. Urte hartan Arturo Campion euskaltegiak IKA sarea eratu zuen beste hainbat euskaltegirekin (Gurea barne) eta sare honetan aritzen gara harrezkeroztik.
Euskaraz ikas eta ari (IKA) horixe izan zen 1989ko matrikulazio kanpainean zabaldu genuen eslogana eta euskaltegi sareak hitz horiei zor die izena, horixe baita gure helburua: euskaraz ariz ikastea eta euskaraz aritzeko ikastea.